Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

IX IRURTZUN ETA ARAKILGO BERTAKO GANADU AZOKA

IRAILAREN 18AN IRURTZUN ETA ARAKILGO BERTAKO GANADU AZOKA OSPATUKO DA, BERE IX. EDIZIOAN. SAKANAN ARGI DUGU, LABORANTZA ETA ELIKADURA EREDU IRAUNKORRA BEHAR DUGU!
Erakunde antolatzaileok Irurtzun eta Arakilgo Bertako Ganadu Azokaren IX. edizioa aurkeztera gatoz. Aurtengoan abereen erakusketa eta azoka eremua egongo dira berriz ere, 10:00etatik 14:30era irekiko ditu ateak.
Bertaratzen diren pertsonek tokiko nekazari eta abeltzainen kalitatezko eta ekoizpen agroekologikoko produktuak dastatzeko aukera izango dute: gazta, barazkiak, esnekiak, txerrikiak, ogia, pastak, ardoa, eztia etab. Azokaren esparruan Arbaso elkarteko artisauen postuak ere egongo dira.
Horrekin batera, frontoian Euskal Herriko ganadu arraza desberdinak ikusi eta ezagutzeko eremua egongo da baita ere: Ardi Latxa (muturgorri eta burubeltza), Sasiardia, behi Pirenaika eta Betizuak, Burgete eta Jaka behorrak, Euskal Txerria, Euskal Astoa, eta abar.
Azokara hurbiltzen den orok plazan kokatuko den Turismo Informazio Puntuan aurkituko dut informazio guztia, hala nola, Sakana eta Plazaolako informazio turistiko anitza, edota gazta dastaketarako ticketak eskuratu, eta abar.
Goiza trikitilari eta gaita-jotzaileek eta Izkidi elkarteko pertsonaiek girotuko dute, eta egun osoan zehar nekazal sektoreari hurbiltzeko eta egunaz gozatzeko honako proposamenak antolatu dira:
10:00etan azokaren irekiera, plazan, goiz guztian zehar, 14:30ak arte, produktuak eta artisautza erosteko aukera egongo da, bai eta abereen erakusketara hurbiltzeko ere.
11:00etan Frontoi atzealdean, zaldiaren Doma Natural erakustaldia izango dugu, Vanesa Ugarteren eskutik. Lucy Rees adituaren ikerketa etologikoan oinarritutako lan eredua pausoz pauso ikusi eta ikasi, zaldiaren eta gizakiaren arteko konfiantzan harremana sortuz.
12:00etan Artzai Gazta Dastaketa eta Txapelketa Herrikoian parte hartzeko aukera izango dute bertaratuek, tiketak Informazio puntuan hartuz.
Goizean zehar haurrentzako joko eta tailerrak, taloak, soka lantze tradizionala, forja artisauaren erakustaldia, tailer eta ofizioak, kale animazioa, eta abar. egongo dira.
15:00etan Bazkari Herrikoia Pikuxar elkartean. Arakilen eta Sakana guztian hain tipikoa den Babatxikia izango da aurtengo menuaren izarra. Izan ere, galtzen ari den labore bat da eta balioan jarri nahi duguna, bere ezaugarri nutrizional eta gastronomikoez gain, oso labore emankorra eta gogorra baita, mendeetan bailarako etxeetan present egon izan dena.
18:00etan Bazkalostean Herri Kirol erakustaldi partehartzailea, Badaiotz Herri Kirol Taldearekin.
Sakanan argi dugu, herria egiten duen elikadura eta nekazal eredua nahi eta behar ditugu, giza tamainako etxaldeak, bideragarriak, aldaketa klimatikoaren aurrean inpaktu eza bilatu beharrean inpaktu positiboa egiten dutenak, ingurugiroarekin bat eginez eta abereen ongizatean oinarrituz elikagai justu eta osasuntsuak eskaintzen dizkiguna.
Beraz, hau guztiagatik, azokan parte hartzera, plaza eta postuetara hurbiltzera, kontzienteki eta arduraz gozatzera eta elikatzen eta zaintzen gaituen nekazaritza sentitzera animatu nahi zaituztegu.
Azokaren inguruko jarduera osagarriak
Irailak 15 – 19:00etan:
“Euskal Herriko Ardo Ekologikoen Dastaketa” Biba Ardoak-ekin.
Tokia : Iratxo Elkartea (Irurtzun)
Biba Ardoak euskal mahastizainen ardo ekologikoen salmenta eta banaketarako kooperatiba gara. Euskal Herriko 17 etxalde txikietako mahastizain-ardogileok elkartu gara ardo kultura berria, bizia, osasuntsua eta herritarra bultzatzeko. Denera ia 100 ardo ezberdin ekoizten ditugu gure etxaldeetan.
Ordu bateko dastaketa izango da eta ondoren Dastatu Sakanako produktuekin egindako pintxoekin ardoaz hitz egiten jarraitzeko aukera izango dugu.
Azoka antolatzen dugun erakundeok, Irurtzungo Udalak, Arakilgo Udalak, Sakana Garapen Agentziak, Plazaola Turismo Partzuergoak, Euskal Herriko artisauen elkarteak, Arbasok, Sakanako nekazaritza-ekoizleen elkarteak, Belardik, EHNE-Bizilur nekazaritza-sindikatuko kideek eta Bidelagun, Sakanako turismo-elkarteak azokara hurbiltzeko gonbidapena luzatzen dizuegu antolatutako jardueretan parte hartuz.

Ganadu Azoka 2022 Kartela

Egitaragua-AZOKA-FERIA- Programa 1

Bazkaria-IRURTZUN ETA ARAKILGO IX. BERTAKO GANADU AZOKA 2022 IX FERIA DE

Zaldi heziketa Natural- Erakustaldia

HERRI KIROL ERAKUSTALDIA

Euskal Herriko ardo ekologikoen dastaketa