KOKAPENA
Irurtzun Sakana izeneko korridorearen ekialdeko muturrean dago eta bertako Erga mendiak -Trinitatea ere deituak- (1.088 metro) eta Gaztelu mendiak(996 metro) Aralar eta Andia mendiekin bat egiten dute, hurrenez hurren.
Leku estrategikotzat jotzen da, eta izendapen hori bidegurutze izateagatik merezi du; alde batetik, Iruñerriaren eta Arakil korridorearen arteko elkargunea da, eta bestetik, modu malkartsuagoan, arroil “txikien” arteko pasabidea da -Oskia hegoaldean eta Biaizpe iparraldean- Oltza Zendeako eta Imotz ibarreko jendeendako.
PAISAIA
Irurtzun herriak, gehienbat udalerri industriala izanik, inguru guztiz humanizatua eta eraldatua dauka. Antzinako lur landuak eta ganaduarendako bazkalekuak, egun eraikuntza eremu dira.
Industria nahiz azpiegitura bideak, errepideak, autopistak, argindar-sareak eta halakoak begi-bistakoak dira.
Nolanahi ere, bere inguru hurbilenean, Irurtzunek natura- eta paisaia-balio handiko guneak mantentzen ditu; Erga mendia, kasu, tontorrean Trinitate Santuari eskainitako ermita duena, edo Biaizpeko harratea, Larraun ibaiak kare harrietan landutako pasabide ikusgarria.
LANDAREDIA ETA ANIMALIAK
Aurkitzen dugun landaredia, aipatua dugun bi klimen arteko igarotze gunearen ezaugarriengatik, oso aberatsa da. Zuhaitzetan, artea daukagu Erga mendiko hegal harritsuetan eta batez ere, Biaizpe aldean, haritz pubeszentea beste leku batzuetan, pedunkuluduna goieneko gune ospeletan eta altuera nabarmeneko pagoak Erga mendiko goiko aldean.
Larraun ibaian barrena, Biaizpe aldean, ur-bazterreko landaredia aurki dezakegu (haltza, kasu), aski egoera onean, eta gehienbat sahatsak, zumeak eta hurritzak.
Faunari dagokionez, haitzetan hegazti harraparien presentzia nabarmendu behar dugu, zapelatzak eta miruak esate baterako, hala nola nabarmentzeko moduko sai arre kolonia bat, seguru aski mugako guneetan oraindik bizirik dirauen abeltzaintza-jarduera garrantzitsuari esker bizi dena.
Nabaria da basurdearen presentzia, zenbaitetan herri ingururaino hurbiltzen baitira. Erbiak, azeriak eta azkonarrak ere ederki laketu dira hurbileko mendietan.
Larraun ibaia, Irurtzundik barrena igarotzean, amuarrain-ibaitzat jotzen da, hango ura egoera onargarrian baitago eta amuarrainak arrantzatzeko moduan.
KLIMA
Bere kokapen geografikoarengatik, mediterranear Nafarroaren eta Nafarroa atlantikoaren artean, norantz abiatzen garen aski nabarmenak dira klima aldaketak.
Biaizpe harratea ipar-mendebaldeko Nafarroa atlantikorako benetako sarbidea da. Han prezipitazio handiagoak daude eta tenperaturek epelera egiten dute itsasora hurbildu ahala.
Irurtzunen prezipitazioak 1.200-1.400 mm. urtekoak izaten dira, nonbait hor, eta batez besteko tenperatura historikoa 11,9 gradukoa da, tenperatura erregimena epela izanik.