Irurtzun penintsula iparraldeko azienda merkatu garrantzitsuenetakoa izan zen (txerrikumeak, aratxeak, zaldiak), bere kokapen estrategikoari esker. Ibai, bide eta ibarren bilgunea dela kontuan hartuta, ez da harritzekoa Irurtzun, herrixka txiki bat izatetik zerbitzu ugari eskaintzen zituen merkataritza herrigune izatera pasatu izana.
Bertako azoka-feriak Itxasperriko Santiago aldean (Irurtzundik hurbileko ermita) XIX. mendearen erdialdetik ospatzen zena ordezkatu zuen. Merkatu honek Irurtzuni ekarri dio ibarreko nahiz inguruko herri guztietako merkataritza bilgune izatea. Hasieran hileko azoka izan zen, gero hamabostean behin (1792-1921), geroago hamarrean behin (1921-1945) eta azkenean astean behin egiten zen, asteartero.
Gaur egun ez da izandakoaren itzala besterik. Aspaldi batean hemen biltzen baitziren Gaztela, Leoi, Aragoi, Katalunia, Levante, eta jakina, Euskal Herriko txoko desberdinetako jende ugari.
Feriaren arrimura, enplegu hirugarrena eta zerbitzuak hazten hasi ziren. Dendak, ibiltariak hasieran, errotuz joan ziren. Aspaldiko herrixka tradizionalaren ondoan XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran beste herri bat sortu zen, bere feriarako instalazio, ostatu eta bizpairu solairuko etxe guztiekin. Etxe hauetako etxabeetan dendak, merkataritza gune edo artisau-industria txikiak sortu ziren.
Gaur egun ez dago azienda feriarik. Halere, astearteetan, inguruko abeltzainak zein nekazariak herrira hurbiltzen dira erostera, esperientziak elkartrukatzera, bankura joatera, tratua egitera (gero eta gutxiagotan) eta hamarretakoa hartzera.
Merkataritza ibiltaria, frontoi irekian kokatua, postu gutxi batzuk baizik ez dira. Postu hauek eta tabernetan zein dendetan dagoen mugimendua dira feria hartatik gelditzen diren hondarrak.