Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Bitxikeriak

Irurtzundar batek herriaz idaztean ongi esaten zuen moduan: “Historia gizakiek eta denborak egiten dute”.

Irurtzun gune historikoa da, Pirinio aldeko antzinako erresumako kroniketan maiz aipatutakoa. Antso azkarra jaunak, herriaren ia diru-ekarpen guztiak zerga bakar batean batu zituen, urteko 1.000 soldataren ordaintzearen bidez. Errege Comptos delakoaren dokumentu zahar batean Irurtzun honela deitua ageri da: “IRITHURGHI”, hau da: Hiri-Iturri.

Baina utz dezagun antzinako historia; eta ekin diezaiogun hurbilagoko bati, garaikidea oraindik: 30, 40 eta 50eko hamarkadak.

NEKAZARITZA: Irurtzun herriak, bere kokapen estrategikoarengatik, (bidegurutzea), ez dauka lantzeko lur handirik; halere 10 familia inguru, batzuk lurren jabe, beste batzuk errentan, laborantzan ari ziren. Batez ere, laboreak, artoa, patatak eta babak landatzen ziren. Herrian bost larrain baziren garia narraz jotzen zirenak, eultzi makinak agertu baino lehen, baten batek porlanezko zorua zeukan.

1940. 1952. urte bitartean errazionamendua egon zen indarrean. Ez zegoen merkataritza librerik behar-beharrezko elikagaientzat eta nork bere burua hornitu behar zuen urte osoan. Estraperloa bazen eta bakoitzak egiten ahal zuena egiten zuen bizirauteko. Ohikoak ziren hitzok aditzea: “Cupo”, “La cartilla de racionamiento”, “Cédula personal”, eta ez hain ohikoa hauek eskuan izatea: “ochenas” eta “cuatrenas”.

Garia izateak berekin zekartzan irina, menudilloa, ogia izatea. Beste laborantzak animaliendako osagarri gisa erabiltzen ziren.

Belardiak ere behar ziren, neguan animaliei bazka eman ahal izateko.

ABELTZAINTZA: Laborantzak zituzten familiek, behiak eta txerriak ere bazituzten. Horren ondorioz azoketan aratxeak eta txerrikumeak saltzen zituzten, eta behorren bat mendirako. Gainerakoek, etxe guztiak baserri gisakoak izanik, animaliak zituzten beheko aldean, urtean barna haragia jan ahal izateko.

MENDIA: ETXEBERRI ondoko herriarekiko lur komunen baitan (Facero) bildua.

KOKAPEN ESTRATEGIKOA: Irurtzun, leku abantailatua, bidegurutzea izateagatik. Lau errepideren arrimura sortua, eta garai batean bi tren geltoki zituena. Nortekoa eta Plazaolakoa. 2 ibai dabiltza haren inguruan herritik gertu bat egiten dutenak.

Gure inguruneari so eginez, Irurtzun Nafarroa hezerako giltza edo ataria dela esan dezakegu.

EKONOMIA: Arestian aipatu bezala, bidegurutze izanik, igarobidean zegoen Irurtzun (errege bideak eraiki ziren 1865ean). Hizketan ari garen hamarkada haietan eta lehenago ere herri hau feria edo azoka egunetatik eta egunetarako bizi izaten zen. Hasieran hilean behin egiten ziren, gero hamabostean behin (1792-1921), gero hamarrean behin (1921-1945). Azkenik astean behin egiten ziren, asteartero. Plazaola trena haren bizigarri izan zen 1914. urteaz geroztik, eta goreneko garaiak 1925-1936 bitartean bizi zituen.

Espainiako iparraldeko ganadu merkatu garrantzitsuenetakoa izan zen (txerrikumeak, aratxeak eta zaldiak). Hemen leku guztietako tratulariak biltzen ziren, Gaztela, Leon, Aragoi, Katalunia eta Levantekoak, Gipuzkoa nahiz Nafarroakoak, jakina, zein bertakoak. Azoka haietan 1.000-1.500 bat pertsona biltzen ziren aise.

Egun hartan goiza aski laburra zen eskolan, haur frankok ferian lan egin beharra zutelako, azoka inguruan oihuka aritzen ziren egunkari saltzaileak, kasu. Baziren orduan lau egunkari ezberdin salgai.

Inguruko abeltzain zein baserritar askorendako asteartea jaieguna zen eta Irurtzunera joan beharra zegoen.

Urte haietan Irurtzun herrian 400 biztanle inguru baziren, eta honako zerbitzu hauek baziren bertan:

  • 7 denda.
  • Harategi 1.
  • Urdaitegi bat.
  • 7 etxe, jantokia zutenak.
  • Logelak zituen ostatu 1.
  • Tabako denda.
  • Posta-estafeta.
  • 2 taberna (feriarako beste bi prestatzen ziren).
  • 2 kafetegi.
  • Botika.
  • 3 burdindegi.
  • 2 okindegi.
  • 2 tren geltoki.
  • Komunikabide bikainak Iruña-Gasteiz-Bilbao-Donosti.
  • Ekintza Sindikaleko Bulegoa.
  • Gari-biltegia, gari aleak gordetzeko.
  • Guardia Zibilaren kuartela.
  • Gauzaina.
  • Herrizaina.
  • Medikua.
  • Maisuak.
  • Zine aretoa.
  • Albaiteroa.
  • Hiltegi 1.
  • Bi gasolindegi.
  • Telefonogune 1.

Garai hartako industrian aipa daitezke, irin fabrika, garia uraren bidez irintzeaz gain, Imotz hornitzen zuen jauzi hidraulikoa ere bazena. Uretan behera beste jauzi hidrauliko bat bazen, Irurtzun eta Barranka hornitzen zuena. Argiarendako besterik ez, irratiak piztea galarazita baitzegoen. Telleria eta gaseosa fabrika ere aipatu behar dira.

1950eko hamarkadan I.N.A.S.A. sortu zen, arlo guztietan herria goitik behera eraldatu zuena.

Hain biztanle gutxi izanik, ez ziren eskas herrian ziren lanbideak:

  • Burdinzurigileak.
  • Saskigileak.
  • Arotzak.
  • Zapatariak.
  • Tratulariak.
  • Igeltseroak.
  • Zurginak.
  • Ile-apaintzaileak.
  • Okinak.
  • Garraiolariak.
  • Espartingileak.
  • Sokagileak.
  • Jostunak.
  • Galtzerdi puntua egiten zuten emakumeak.

Herriaren jardun gehienak, beraz, feria egunekin zerikusirik zuen. Egun haietan Altsasutik zein Iruñetik iritsitako dentistak, abokatuak eta notarioak ere lanean aritzen ziren. Herrira jendez mukuru beteriko 6 edo 7 autobus etortzen ziren, saltzeko gauzez osatutako fardelak eta guzti. Gogoratzeko kontu bat, autobusaren erdia jendearendako, eta beste erdia txerrikumeak eramatekoa zen.

17 postu estali zeuden, gauza ezberdinak eskaintzen zituztenak. Eta beste batzuk gauzak kalean, edo botikako arkupean jartzen zituzten; edo azokako edo barazkien plazan.

Kamioirik ez zegoenean, txerrikumeak tren-bagoietan lekutzen ziren Irurtzundik.

Jende gehien biltzen zen tokia, txerrien plaza zabala zen, estrategikoki eraikia orgak sartu ahal izateko,  eta “kanbretez” inguraturik, haietan txerrikumeak sartzeko, ordaindu beharrekoa ordainduta, noski.

Plaza honetako alde batean, behean, ahuntzak eta ardiak jartzen ziren. Han, aspaldi, “botxategi” bat zegoen.

Pilotalekuaren atzeko aldean, behiak eta zaldiak egoteko tokia zegoen.

Hainbesteko jendetza egonda, eta bazkaria, kafea, kopa eta purua hartuta, logikoa dirudi erronka zein apustu bitxienak eta anekdota ugari gertatzeak. Pilotalekua zen erronka asko konpontzen ziren eszenatokia, ikusleen gozamenerako.

BITXIKERIAK:

1945ean, herrian 2 kamioi, 2 kamioneta eta 3 auto ziren (2 gasolindegi).

Bi zenbakiarekin harreman handia duen herria: Biaizpe, 2 apaiz, 2 intxaurrondo, 2 bizartegi-taberna-espartin denda, 2 ibai, 2 kapela, merkataritza ontzidiko 2 kapitai, 2 gor, 2 burdinzurigile, 2 arotz, 2 zapatari, 2 zurgin, 2 okin, 2 kafetegi, pilotaleku 1, trinkete 1.

Aipatzeko modukoa da, Irurtzungo txistorrak izan duen ospe handia, bai hemendik barna igaro den jendearendako, bai egunero Gipuzkoatik etorritako eskarieei erantzuteko.

Txutxu-mutxuak, bizipenak eta anekdotak: milaka, inor ez mintzeagatik bakoitzak dakizkienak kontatuko ditu, noski.

Ospe handiko pertsonaiak: andana bat, batzuk gauza batengatik, beste batengatik besteak; baina izenik ez dugu aipatuko, hainbeste egonda ezinezkoa baita guzti-guztiak aipatzea.

1954an sute batek 8 etxe suntsitu zituen; hantxe eraiki ziren gero Irurtzungo lehenbiziko altuerako etxeak.

Ezin nabarmendu gabe utzi Plazaola trena, Irurtzunen arrunt errotua bizirik iraun zuen bitartean. 1914an Iruña eta Donostia lotzen zituen trena inauguratu zen, egiteko 13 milioi pezetako aurrekontua izan zuena. 1929an Donostiara iristeko denbora hiru ordu eta erdi edo lau ordukoa zen, tarte horretan nonbait. Autobusez lehenago iristen zen eta merkeago, gainera. 1953an gertatutako uholdeek trenbide zati batzuk suntsitu eta harrezkero zerbitzua bertan behera utzi eta azken hatsa eman zuen Plazaola trenak.

1960eko hamarkadaz geroztik feria edo azoka gainbehera hasi zen. Inguruko herrietako biztanleek astearteetan Irurtzunera etortzen segitu bazuten ere.

FESTAK: Herriko patroia San Martin da; beraz, herriko festak azaroaren 11n ziren, baina ez ziren soinujoleaz eta pilota partidaz haratago joaten, eguraldia lagun. Eguraldi kaskarra zela eta, Trinitate egunean ospatzea deliberatu zen. 1950-60eko hamarkadetan jendez lepo beterik egoten zen herria; batez ere, igandea eta Gorputz egunean (beti azken eguna).

ERROMERIAK: Trinitate egunaren (mugitzen den jaia) aurreko igandean San Migelera joaten zen eta han Kontzejuak bazkariko garbantzuak ematen zizkion familiako kide bati. Trinitatearen astelehenean Erga mendiko ermitara igotzen zen, Irurtzungo zaindari maitera. San Migelen irudia Irañetakoek ekartzen zuten; jaistean, Aingeruari kanpai-hotsez egiten zitzaion ongi etorria eta adoratze oso jendetsua izaten zen.

Aingeruarekin batean ere Oskiako Birjinaren ermitara joaten zen, eta Errozko ostatuan ere Kontzejuak garbatzuak banatzen zituen. Santiago egunean Txasperriko Santiago ermitara joaten zen. Santa Ana egunean, prozesioan Santiago eta Santa Anaren ermitaraino joaten zen, Biaizpeko harratearen hasieran dagoeneraino.